Glosarioa

Urarekin zerikusia duten hitzen glosarioa

(Iturriak glosarioaren bukaeran eman ditugu aditzera).

AGINTARI ESKUDUNA: Arauak ezartzeko izendatu den agintaria edo agintariak.

AKUIFEROA: haitz edo beste estrato geologiko batzuen lur azpiko geruza bat edo gehiago, porositate eta iragazkortasun jakin bat dutenak, eta horri esker lur azpiko urei igarotzen uzten dietenak edo bertatik ura kopuru handietan ateratzeko aukera eskaintzen dutenak.

ARRO HIDROGRAFIKOA: bertako azaleko jariatzea ur-laster, ibai eta, halakorik baldin badago, aintziretatik zehar bokale, estuario edo delta bakar baten bidez itsasoratzen deneko lur-eremua.

ASKO ERALDATUTAKO UR-MASA: lur azaleko ur-masa, gizakiaren jarduerak eragindako aldaketa fisikoen ondorioz bere nolakotasunean aldaketa nabarmenak izan dituena eta 2000/60/EE Zuzentarauko II. Eranskinean esaten denaren arabera halakotzat jo dena.

AZPIARROA: bertako lur azaleko jariatzea ur-laster, ibai eta, halakorik baldin badago, aintziretatik zehar ur puntu jakin batera (gehienetan aintziraren bat edo ibaien elkargune bat) bideratzen deneko lur-eremua.

BARRUKO INSTALAZIO OROKORRA: Hartunetik abiatzen diren eta barrualdeko instalazio partikularrekin lotzen diren hoditeria, biltegi, giltza, makina eta kontagailuen multzoa da. Barruko instalazio orokorra eraikinaren kanpoaldean dagoen bide publikoko erregistro-giltzan hasten da, eta eraikineko jabe guztiena da.

BAZTERRA: Ibilgu publiko baten ondoan dagoen lursaila, zortasun-gune bati eta polizia-gune bati lotuta dagoena. Bazterrak honako hauei daude loturik, beren luzetarako hedadura osoan:

  • Bost metroko zabalerako zortasun-gune bati, gune hori erabilera publikokoa izango baita eta dagokion arauaren bidez arautuko baita.
  • Ehun metroko zabalerako polizia-gune bati, gune horretako lurzoruaren erabilerak eta bertan egiten diren jarduerek baldintza batzuk bete beharko baitituzte.

BIDE ZORTASUNA: Sei metroko lur-zerrenda da, itsasertzaren barruko mugatik barrualdera neurtuta. Alde hori beti egongo da erabat aske oinezkoek eta zaintza eta sorospidetzako ibilgailuek igarotzeko bidea izan dezaten, betiere, berariaz babestuta dauden guneak salbuespen gisa alde batera utzita. Igarobidea zaila edo arriskutsua den tokietan, lur-zerrendaren hedadura 20 metro zabaldu ahal izango da gehienez.

DEMARKAZIO HIDROGRAFIKOA EDO UR-MUGAPEA: arro hidrografiko bakar batek edo elkarren ondoko hainbatek osatzen duten lehorreko eta itsasoko eremua, arro horiei lotutako lur azpiko urak, tartekoak eta itsasertzekoak barne. Ibai-arroak kudeatzeko helburuaz erabiltzen den hidrologia-unitate nagusia. Ur-arroaren edo ibai-arroaren barrutia.

EDATEKO UREN ARAZTEGIA (ETAP): Zenbait prozesu egin ondoren, ur tratatu gabea jendearen kontsumorako eta elikagaiak prestatzeko ur egoki bihurtzen duen instalazioa da.

EGOERA KUANTITATIBOA: zuzenean edo zeharka egindako ur-ateratzeek lur azpiko ur-masa batean duten eragin-mailaren adierazpena.

EMARI EKOLOGIKOA EDO INGURUMEN-EMARIA: uretako ekosistemen funtzionamendua, osagaiak eta egitura egoera naturalean mantentzeko gai den emaria edo, hala badagokio, ur-baliabidearen bolumena.

EMARIAK HARTZEKO INSTALAZIOAK: Urtegi, hoditeria, ponpa, maniobra- eta kontrol-tresna, fabrika-obra eta bestelako osagaien multzoa da, kontsumoko eskaerak asetzeko behar den ur-bolumenaren tratamendurako instalazioak jartzeko helburua duena.

ERAGINPEKO EREMUA: Gune jakin batean sartutako lurren lurralde- eta hirigintza-antolamendua; gune horren zabalera 500 metrokoa izango da gutxienez, itsasertzaren barruko mugatik barrualdera neurtua, eta bertan Itsaso eta Lehorraren Arteko Jabari Publikoaren babes-eskakizunak bete beharko dira.

GAI ARRISKUTSUAK: toxikoak eta iraunkorrak izan eta bioakumulazioa eragin dezaketen gaiak edo gai multzoak, eta baita maila bereko arriskua sor dezaketen beste gai batzuk edo gai multzo batzuk ere.

GARAPEN IRAUNKORRA: Ekonomia- eta gizarte-arloko garapena lortzea, baina oraingo edo etorkizuneko ingurumenari eta natura-baliabideei kalterik eragin gabe, giza jarduerak eta garapena bera horien mende baitaude.

GEHIENEZKO ISURKETA-BALIOAK: epe jakin batean edo epe batzuetan halako balio bat gainditu ezin duen isurgai-masa –parametro zehatzen baten bidez adierazia–, isurgai-kontzentrazioa eta/edo maila; era berean, gehienezko isurketa-balioak ezar daitezke gai jakin batzuen multzo, familia edo kategorietarako ere.

GOI-SANEAMENDUKO INSTALAZIOAK: toki-erakundeen behe-saneamenduko instalazioak osatzen dituzten estolda-sareetatik datozen hondakin-urak bideratu, ponpatu, tratatu, araztu eta isurtzeko erabiltzen direnak.

HARTUNEA: Eraikinaren barnealdeko instalazioa eta dagokion ixte-giltza banaketako sare publikoarekin lotzen dituzten atalen edo hodien multzoa da.

HEZEGUNEAK: padurak, gune zingiratsuak edo putzuz betetzen direnak, lokatz- edo zohikatz-guneak; naturalak edo artifizialak izan daitezke, iraunkorrak edo aldi batekoak, ur-jario gelditu, moteldu edo lasterrekoak eta ur geza, gazi edo gazikarakoak (gatz-edukia edozein dela ere); era berean, hezegunetzat hartuko dira itsasbeheran gehienez bost metro sakon diren tizas ureko guneak.

HIDROLOGIA-PLANGINTZA: Ondoko helburu orokor hauek dituzten jardueren multzoa: jabari hidrauliko publikoaren ekologia-egoera egokia lortzea eta ur-eskaerak betetzea, eta eskualdeko eta sektoreetako garapenaren artean oreka eta harmonizazioa lortzea; eta, xede horretarako, baliabidearen eskuragarritasuna handitzea, haren kalitatea babestea, erabilera aurreztea, eta erabilerak arrazionalizatzea ingurumena eta gainerako natura-baliabideak aintzat hartuta.

HODITERIA OROKORRAK: Kanalizazio, hoditeria eta ponpaketen multzoa da, ura biltegi erregulatzaileetaraino bideratzen duten maniobra- eta kontrol-osagaiekin batera.

IBAI-ARROKO ERAKUNDEAK (UR-KONFEDERAZIOAK): Administrazioko helburuetarako, Ingurumen Ministerioari atxikita dauden erakunde autonomoak, Uraren Legean araututako zereginak eta eginkizunak dituztenak (1/2001 Errege Lege Dekretua, Uraren Legearen Testu Bategina). Bere lurralde-eremuak barne hartuko ditu zatiezinak diren ibai-arro bat edo batzuk (nazioarteko mugek inguratuta).

IBAI ARROKO PLAN HIDROLOGIKOA: Plangintza hidrologikoa egiteko tresna publikoak eta lotesleak dira; eta dagokion ibai-arroko erakundeak edo eskumena duen hidrologia-arloko administrazioak egiten ditu, sektoreetako plangintzekin behar bezala koordinatuta. IBAIERTZAK: Beheko uren mailatik gora eta ibilguen aldamenean dauden lursailen ertzetan dagoen ibilgu publikoaren alboko zerrenda da.

IBILGUA: Ur-laster jarraitu edo eten baten ibilgu naturala da, normalean izaten diren gehieneko uhaldiak direnean, urek estaltzen duten lurra.

ISURKETEN KONTROLAK: isurketetan muga jakin batzuk egotea eskatzen duten kontrolak, esate baterako gehienezko isurketa-balio bat jartzea, edo isurketa baten ondorioei, nolakotasunei edo beste ezaugarri batzuei mugak edo baldintzak jartzea, edo baita jarduerako baldintza batzuk jartzea ere isurketei.

ITSASO ETA LEHORRAREN ARTEKO JABARI PIBLIKOA (ILJB): honakoak hartzen ditu barne: #Itsasertza eta itsasadarren ertza, hau da, itsaso eta lehorraren arteko gunea (ekinozioan izaten den gehieneko itsasbehera biziaren eta ezagutu diren ekaitzik handienetan uhinek hartu duten mugaren arteko lerroa; eta, ekaitzek muga hori gainditzen badute, ekinozioan izaten den gehieneko itsasgora biziaren lerroa. Gune hori ibaiertzetatik ere zabaltzen da, itsasgoren eragina iristen den tokietaraino); eta, orobat, hondartzak edo material askeak biltzen diren guneak. 2. Jurisdikziopeko urak eta barneko urak, dagozkien ohearekin eta zorupearekin batera. 3. Gune ekonomikoan eta plataforma kontinentalean dauden natura-baliabideak.

ITSASO ETA LEHORRAREN ARTEKO JABARI PUBLIKOAREN (ILJBren) BABES-ZORGUNEA: Ehun metroko gunea da, itsasertzaren barruko mugatik barrualdera neurtua (hedadura hori 100 metro gehiago luzatu ahal izango da, gehienez, Estatuko Administrazioak, dagokion autonomia-erkidegoarekin eta udalarekin bat etorrita, horrela erabakitzen badu). Gune horretan, araudi bereziak bete behar dira.

ITSASERTZEKO URA: ur territorialen zabalera neurtzeko oinarri gisa erabiltzen den lerrotik hurbileneko puntuan kokatuta, bere puntu guztiak itsaso barrurantz milia nautiko batera dituen lerrotik lehor aldera dauden lur azaleko urak; urok, hala badagokio, tarteko uren kanpoko alderaino iritsiko dira.

JABARI PUBLIKO HIDRAULIKOA: Era askotako urak barne hartzen dituen multzoa; hain zuzen, honako ur hauek: azaleko eta lurpeko ur kontinental berriztagarriak, ur-laster natural jarraituen eta etenen ibilguak, lakuen eta aintziren oheak, eta ibilgu publikoko azaleko urtegiak eta lurpeko akuiferoak, eta, era berean, itsasoko ura gatzgabetu ondoren lortzen diren eta ur horietara isurtzen diren urak. Ur mineralak eta ur termalak ez dira jabari hidrauliko publikokoak. Ur publikoak: jabari hidrauliko publikoaren barruan dauden ur guztiak.

KONTAGAILUA: Uraren kontsumoa neurtzen duen gailua da.

KUTSADURA: giza jardueraren ondorioz, zuzenean edo zeharka, kaltegarriak izan daitezkeen gaiak edo beroa atmosferan, uretan edo lurrean sartzea; gai horiek edo beroa kaltegarri izan daitezke giza osasunerako edo uretako ekosistemen kalitaterako, edo uretako ekosistemen menpeko lurreko ekosistemen kalitaterako; era berean, gaiok eta beroak kalte egin diezaiekete ondasun materialei edo kaltegarri edo oztopo izan daitezke ingurumenaz gozatzeko edo ingurumenaren beste erabilera zilegi batzuetarako.

LUR AZALEKO URAK: ur kontinental guztiak, lur azpikoak izan ezik, tarteko urak eta itsasertzekoak; eta egoera kimikoari dagokionez, baita ur territorialak ere.

LUR AZPIKO URAK: lur azalaren azpian saturaziogunean dauden ur guztiak, betiere lurrarekin edo lur azpiarekin zuzeneko kontaktua dutela.

LUR AZPIKO UR-KOPURU ERABILGARRIA: lur azpiko uren masa osoa berriz erabat kargatzeko tasaren urte arteko batez besteko balioa ken lur azpiko ur horiei lotuta dauden lur azaleko uren kalitate ekologikoa lortu ahal izateko behar den batez besteko urte arteko uremaria, ur horien guztien egoera ekologikoak nabarmen behera egin ez dezan eta ur horiei lotuta dauden lurreko ekosistemetan kalte nabarmenik gerta ez dadin.

OBRA HIDRAULIKOA: halakotzat hartzen dira urmasak, horien ingurua eta horiei lotuta dauden ekosistemak lehengoratzeko eta horien guztien egoera ekologiko ona lortzeko egindako lanak; ura hartu, atera, gatzgabetu, gordeta eduki, erregulatu, bideratu, kontrolatu eta aprobetxatzeko egindako eraikuntzak nahiz erabilitako uren saneamendurako, urok arazteko, tratatzeko eta berriz erabiltzeko moduan uzteko egindakoak (ondasun higiezinak); akuiferoak modu artifizialean berriz betetzeko egindako lanak, ibai-ibilguetako lanak, ur-lasterrak egokitzeko egindakoak eta uraldietatik babesteko egindakoak; eta, horiekin batera, obra hidraulikotzat hartzen dira uraren jabari publikoa babesteko beharrezkoak diren lanak ere.

PLAN HIDROLOGIKO NAZIONALA (PHN): Plangintza hidrologikoa egiteko tresna da, Legeak onartzen du, eta Ingurumen Ministerioak prestatzen du, natura-baliabideen erabilerarekin zerikusia duten ministerioko sailekin batera. Plana onartuz gero, ibai-arroko plan hidrologikoak nahitaez egokitu behar dira Plan Hidrologiko Nazionalak ezarritakoaren arabera.

TARTEKO URAK: ibai-bokaleetatik hurbil dauden lur azaleko ur-masak, neurri batean gaziak direnak itsasoko urarekin bat egiten dutelako, baina ur gezaren aski eragin handia ere izaten dutenak.

URAREKIN ZERIKUSIA DUTEN ZERBITZUAK: etxebizitzen, erakunde publikoen edo edozein jarduera ekonomikoren onura bilatzen duten zerbitzu guztiak, baldin eta zerbitzuak hauek badira:

  • Lur azaleko edo lur azpiko urak atera, presatu, biltegiratu, tratatu eta banatzea.
  • Gero lur azaleko uretara isurtzen diren hondakinurak jaso eta araztea.

URAREN EGOERA EKOLOGIKOA: Azaleko urei lotutako ur-ekosistemek duten egituraren eta funtzionamenduaren kalitatearen adierazpena da. Aintzat hartzen ditu uraren izaera fisikokimikoa eta sedimentuak, ur-isuriaren ezaugarriak eta ur-masaren egitura fisikoa; eta, batez ere, ekosistemako osagai biologikoen izaeran jartzen du arreta.

URAREN EGOERA KIMIKOA: Ur-masa batean dagoen kutsadura-mailaren adierazpena da.

UREN EGOERA ONA: Egoera kuantitatibo eta kimiko, gutxienez, ona duenean ur-masa batek lortzen duen egoera da.

URAREN ERABILERAK: Urarekin zerikusia duten zerbitzuak, eta, horrez gain, uraren egoeran ondorio garrantzitsuak izan ditzakeen beste edozein jarduera.

URAREN ERABILERA IRAUNKORRA: Erabilera honek bidea ematen digu oreka bat lortzeko orain dagoen eta, aurreikuspenen arabera, etorkizunean egongo den eskaeraren eta ur-baliabidea denboran barrena eskuragarri izateko aukeraren artean, betiere, ur-ekosistemak behar bezala egon daitezen egokia den uraren kalitatea ziurtatuta eta, orobat, emari ekologikoak ondo zainduko direla bermatuta.

URAREN GOI-HORNIKETAKO INSTALAZIOAK: ura hartu,atera, eraman, erregulatu, edateko on bihurtu eta biltegiratzeko beharrezkoak diren instalazioak, hain zuzenere toki-erakundeek behe-horniketako sareen burukour-biltegietan edo lotura-puntuetan ura izan dezatenbeharrezkoak direnak.

URAREN HIRI-ZIKLOA: Ura hirian edateko edo erabiltzeko egin behar diren prozesuen multzoa da, hasi ura naturan sortzen den unetik, ura naturara itzultzen den arte; hau da, ura hartzea, edateko ur bihurtzea, hiritik banatzea, garbitzea, araztea eta isurtzea (=Uraren Ziklo Osoa).

URAREN KANONA: Kontzeptu batzuk aintzat hartuta uraren fakturan ezar daitekeen tasa finkoa da; hona kontzeptuak: hornikuntza-zerbitzua, arazteko zerbitzua, gehiegizko kontsumoa eta abar.

URAREN KONTSEILU NAZIONALA: Organo aholku-emaile goren honetan, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako administrazioekin batera, ordezkaritza dute toki-erakundeek, ibai-arroko erakundeek eta, era berean, uraren erabilera-mota ugarirekin zerikusia duten lanbide- eta ekonomia-arloko erakundeek.

URAREN KULTURA BERRIA: Erabateko kudeaketa antolatu nahi duen ikuspegi honen arabera, ura aktibo ekosoziala da, eta bere funtsezko bi oinarriak honako hauek dira: ura ondo zaindu beharreko ondare eta baliabide gisa kudeatu behar da, eta ura ondo kudeatu behar da eskaria kontrolatzen duten eta eskaerari lotutako politikak bazter uzten dituzten politiken bidez.

URAREN OINARRIZKO KONTSUMOA: Gutxieneko ur-bolumena da, metro kubikotan neurtua pertsona bakoitzeko eta hilabeteko edo neurri baliokideren batean, pertsona batek gizarte-ingurune jakin batean higiene- eta osasun-aldetik dituen beharrizan arruntak betetzeko lain dena.

UR-ARLOKO ADMINISTRAZIO ESKUDUNA: Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuaren barruan osorik sartuta dauden ibai-arroei dagokien figura.

UR-EMARIA NEURTZEKO ESTAZIOA: Ur-lasterraren gune jakin batean kokatuta dagoen, eta uraren emaria eta maila neurtzeko gailu egokiak dituen instalazioa da.

UREZ HORNITZEA (HORNIKUNTZA) ALTAN: Ura udalerrietara iristen den arte egiten diren jardueren multzoa, bajan dagoen banatzaile bati ura eskura jartzeko egina.

UREZ HORNITZEA (HORNIKUNTZA) BAJAN: Harpidedunari (hau da, azken kontsumitzaileari) etxeko uraren hornidura eskura jartzeko egin behar diren jarduera teknikoen multzoa da.

UR-HORNIKUNTZA EGITEN DUEN ERAKUNDEA: Titulartasun publikoko edo pribatuko instalazioen edo sareen bidez, ur-hornidura bajan egiten duen zein-nahi izaeratako pertsona fisikoa edo juridikoa.

UR KONTINENTALAK: lur azalean geldirik dauden edo lur azaletik doazen ur guztiak; baita lur azpiko urak ere, ur territorialen zabalera neurtzeko oinarri gisa erabiltzen den lerrotik lehor aldera baldin badaude.

UR-MASA: Uren zati berezia eta esanguratsua da, azaleko edo lurpeko urei, ur kontinentalei, trantsiziokoei edo kostaldeko urei dagokie, eta ezaugarri fisikokimiko jakin batzuk ditu.

UR PUBLIKOAK: jabari hidrauliko publikoaren barruan dauden ur guztiak.

UR ZIKINAK GARBITZEKO SISTEMA PUBLIKOA: Osotasun organiko bat eratzen duten eta elkarren arteko harremana duten jabari publikoko ondasunen multzoa da; honako hauek hartzen ditu barne: estolderiako tokiko sare bat edo gehiago, kolektoreak, ponpatzeko etxolak, itsaspeko hustubideak, ur zikinen araztegiak eta horiei lotuta dauden bestelako saneamendu-instalazioak, betiere, udalerri batean edo gehiagotan sortzen diren ur zikinak era bateratuan jasotzeko, araztegiraino eramateko eta arazteko xedea badute.

UR ZIKINEN ARAZTEGIA (EDAR): Ur zikinak, edo hiriko eta industriako urak arazteko erabiltzen den instalazioa da; honen bidez, uretan dauden osagai kaltegarriak bereizten eta eraldatzen dira, hartara, ura berriz ere erabilgarria izan dadin, ura hartzen duen ingurune batera bota aurretik.

ZIKLO HIDROLOGIKOA: Urak hidrosferako konpartimentuetatik ibiliz egiten duen zirkulazio-prozesua edo ziklo biogeokimikoa da; prozesu horren bidez, ura toki batzuetatik besteetara mugitzen da, edo haren egoera fisikoa aldatzen da.

ZUZENEKO ETA ZEHARKAKO ISURKETAK: Zuzeneko isurketa da ibilgu publiko batera bota dena, ur-laster edo ureztatzeko ubide baten gain-gainean; isurketa zeharkakoa, berriz, egoera horretan ez dagoen ibilgu publiko batera botatakoa da, hala nola, erretenetara, estolderiara, hustubideetara eta euri-isurbideetara botatzen dena. Lurpeko urei dagokienez, zuzeneko isurketa da lurpeko ur horietan kutsagarria izan daitekeen substantziaren bat sartzea, betiere, lurzoruaren edo zorupearen bitartez iragazi gabe; kasu horiexetan, berriz, isurketa zeharkakoa da substantzia kutsagarria lurpeko uretara botatzea, baina lurzorutik edo zorupetik sartuta.

Iturriak:

  • 1/2006 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Urei buruzkoa.
  • Jabari Publiko Hidraulikoaren Legea, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuak –abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen I., IV., V., VI. eta VII. Atariko Tituluak garatu dituenak– onetsi duena.
Berriak

Nuevas fechas talleres de abastecimiento y saneamiento y agua e industria

Ya se han fijado las nuevas fechas de los talleres de líneas generales de actuación de los sectores de abastecimiento y saneamiento y el de agua e industria. El taller de abastecimiento y saneamiento tendrá lugar el próximo 26 de mayo, lunes, y el de agua e industria tendrá lugar el próximo 28 de mayo, miércoles.

Jarduteko ildo orokorrei buruzko tailerrak

Apirilean eta maiatzean, tailerren bigarren fasea egingo dugu. Oraingo honetan, lanean arituko gara “Ur-kudeaketaren arloko gai garrantzitsuen eskeman” jaso behar diren jarduteko ildo orokorrei buruz.

Tailerren egutegia begiratu nahi baduzu, agendan eta extranet-en duzu ikusgai.

Galdetegia

Galdetegia Zenbat ur eduki nahi dugu 2015. urtean? Zure ustez, zer egin dezakegu ura kudeatzeko lana hobetze aldera? Zein ekintza jarri ahal dugu abian ura babesteko eta zaintzeko? Erantzun iezaiozu galdetegi erraz honi, urari lotutako hainbat alderdi ditu aztergai.

Maiatza
Al.Ar.Az.Og.Or.Lr.Ig.
2829301234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930311
Directiva Marco del Agua es un proyecto de Bakeaz | Desarrollado por eFaber